« Back

Joxe Azurmendik jasoko du dabilen elea saria

2012-10-30  ¦  elkartea

Joxe Azurmendik, Euskal Herriko pentsalari emankor eta erudituenetakoak, jasoko du aurten dabilen elea saria, euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek urtero eman ohi dutena.Euskal Liburuaren Gaua azaroaren 5ean izango da, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan.

Joxe Azurmendik jasoko du dabilen elea saria

Euskal liburugintzaren inguruko bost elkartek, Euskal Editoreen Elkartea (EEE), Euskal Idazleen Elkartea (EIE), Euskal Irudigileen Elkarte Profesionala (APIE-EIEP), Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE) eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literaturaren Elkarteak, Joxe Azurmendi idazleari emango diote 2012ko dabilen elea saria, Euskal Liburuaren Gaua ekitaldiaren ospakizunean, liburugintzaren alorrean ibilbide jakin bati egiten zaion errekonozimendu gisa. Joxe Azurmendi Euskal Herriko pentsalari emankor eta erudituenetakoa da. Euskal idazlea, filosofoa, saiakera egilea eta poeta; Etikaren, politikaren, hizkuntzaren filosofiaren, teknikaren, euskal literaturaren, eta orokorrean filosofiaren gaineko liburu eta artikulu asko eta asko plazaratu ditu. Jakin irakurgaietako zuzendaria izan zen; Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetako bat; eta EHUko irakaslea da. 2010ean euskaltzain ohorezko izendatu zuten. Azurmendiren obra monumentala ezagutzen duenak badaki hautu erabat justifikatua dela honakoa; areago, harritu ere egingo da askoz lehenago ez zaiolako ganorazko aitortzarik egin, Zegamako pentsalari handiari. Azurmendi filosofo garrantzitsua da, zalantzarik gabe; Euskal Herrian eta Euskal Herriarentzat lehenik, baina, orobat, nazioarteak sortu dituen filosofo handien artean dago. Euskal Liburuaren Gaua urtero antolatzen da 2008. urteaz geroztik, kultur industriak euskal gizarte eleanitzaren garapenari egiten dion ekarpena agerian jarri eta ikusaraztea xede harturik. Gainera, euskarazko liburugintzan parte hartzen duten hainbat eragileren bilgune ere bada, hala nola, argitaratzaileak, idazleak, irudigileak, itzultzaileak…, eta honako hauek jaso dute saria aurreko urteetan: Antton Olariaga (2008), Juan Mari Torrealdai (2009), Itxaropena argitaletxea (2010) eta Mariasun Landa (2011). Bosgarren edizio honetan, Kutxaren babesa izan dute bost elkarteek ekitaldia antolatzeko, bai eta Donostiako Udalaren laguntza ere. Ekitaldia Euskal Liburuaren Gaua azaroaren 5ean izango da, 20:00etan, Donostiako Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Idoia Noble itzultzaile eta interpreteak gidatuko du ekitaldia, eta Juantxo Zeberio pianistak jantziko du musikaz. Aurtengo edizioan dabilen elea sariaren oroigarria aldatu egingo da. Hain zuzen ere, Antton Olariaga ilustratzaileak bereziki Azurmendiri eskainitako ilustrazioa egin du, sariaren oroigarri gisa. Ilustrazio hori iazko saridunaren eskutik jasoko du Joxe Azurmendik, eta, besteak beste, Lorea Agirre kazetariak, Joan Mari Torrealdai idazleak, Xabier Mendiguren Elizegi editoreak eta Hedoi Etxarte poetak hartuko dute parte bere ibilbide oparoaren erakusgarri izango den ekitaldian. Ospakizuna ondo amaitzeko, kopatxo bat izango da.

Joxe Azurmendi Otaegi (Zegama, 1941) Olerkari, kazetari, kritikari, saiogile eta filosofo euskalduna (Zegama, 1941). Arantzazun, Erroman eta Münsterren egin zituen Ikasketak. Euskaltzaindiko urgazlea. EHUko irakasle da gaur egun. Jakin-en eta Egan-en hasi zen idazten. Hitz berdeak (1969) poema liburua argitaratu zuen. Horrez gainera Arbola beltzaren poema eta Manifestu atzeratua poemekin euskal poesiaren berrikuntzarako urrats handiak eman zituen. Saiakerek eman diote, ordea, ospe handiena: Hizkuntza, etnia eta marxismoa, Kultura proletarioaz, Errealismo sozialistaz, Zer dugu Orixeren kontra?, Zer dugu Orixeren alde? Mirande eta kristautasuna, Schopenhauer, Nietzsche, Spengler Miranderen pentsamenduan. El hombre cooperativo, Gizona abere hutsa da, Gizaberearen bakeak eta gerrak dira bere argitalpenik garrantzizkoenak.

Obra Saiakera • Hizkuntza, etnia eta marxismoa (1971, Euskal Elkargoa) • Kolakowski (1972, EFA): Joseba Aregirekin elkarlanean burututako lana • Kultura proletarioaz (1973, Jakin EFA) • Iraultza sobietarra eta literatura (1975, Gero Mensajero) • Gizona Abere hutsa da (1975, EFA) • Zer dugu Orixeren kontra? (1976, EFA Jakin) • Zer dugu Orixeren alde? (1977, EFA Jakin) • Artea eta gizartea (1978, Haranburu) • Errealismo sozialistaz (1978, Haranburu) • Mirande eta kristautasuna (1978, GAK) • Arana Goiriren pentsamendu politikoa (1979, Hordago Lur) • Nazionalismo Internazionalismo Euskadin (1979, Hordago Lur) • PSOE eta euskal abertzaletasuna (1979, Hordago Lur) • Schopenhauer, Nietzsche, Spengler, Miranderen pentsamenduan (1989, Susa) • Miranderen pentsamendua (1989, Susa) • Gizaberearen bakeak eta gerrak (1991, Elkar) • Espainolak eta euskaldunak (1992, Elkar) • Karlos Santamaria. Ideiak eta ekintzak (1994, Gipuzkoako diputazioa (Argitaratu gabe)) • Demokratak eta biolentoak (1997, Elkar) • Teknikaren meditazioa (1998, Kutxa Fundazioa) • Oraingo gazte eroak (1998, Enbolike) • Euskal Herria krisian (1999, Elkar) • Etienne Salaberry. Bere pentsamenduaz (1903-2003) (2003, Egan) • Espainiaren arimaz (2006, Elkar) • Volksgeist. Herri gogoa (2008, Elkar) • Humboldt. Hizkuntza eta pentsamendua (2007, UEU) • Azken egunak Gandiagarekin (2009, Elkar) • Bakea gudan (2012, Txalaparta) • Barkamena, kondena, tortura (2012, Elkar) Poesia • Hitz berdeak (1971, EFA) • XX. mendeko poesia kaierak - Joxe Azurmendi (2000, Susa), Koldo Izagirreren edizioa Sariak • 1978: Irun Hiria saria, Mirande eta kristautasuna obragatik. • 1998: Irun Hiria saria Teknikaren meditazioa lanagatik. • 2005: Juan San Martin ikerketa bekan saritutako lana, Humboldt: Hizkuntza eta pentsamendua. • 2010: Euskadi Literatura Saria, saiakera alorrean, Azken egunak Gandiagarekin lanagatik. • 2012: Eusko Ikaskuntza Saria